Subscribe
Add to Technorati Favourites
Add to del.icio.us
sábado, 3 de octubre de 2009

BERTSOLARI

BERTSOLARI
Bertsolaria norabidea erakusteko maparik behar ez duen lemazaina da, tripulazioa itsasoaren erdian galduta dagoenean “lurra” oihukatzen duen profeta da. Sortzen dituen hitzak buruz ikasitako lezioa bezalakoak dira, jakintsu baten hitzaldia dira, akatsik gabeko bandoa dira. Dokumentuak erre egiten diren garaietan gizakiek bertsolaria esnarazten dute mezu idatzia berreskurarazteko eta erabat galdu baino lehen errepikarazteko. Orduan bertsolariak begiak igurtziko ditu eta ahotsa gozatu. Hura entzuten ari den orok badaki poema bakoitzean sentimenduren bat konpartitzen dutela, emozioren bat; badaki esaten ez duena etorkizunik gabe protesta dela.

Bardeetako basamortuan ageri den Foruen Estatuak gure artean tente eduki genueneko egunak eta bere legeak gure artean iraun zueneko garai eder haiek dakarzkigu gogora. Harea artetik ageri den buruak gogorarazten digu ez oso aspaldian emakume erraldoi batek gidatu gintuela, bere letraz idazten zuela araua eta idatzitakoa bete egin zuela.

Baina egia da ere gizakiok izan ginena amestu dezakegula, harri hondarrak jaso eta beraiekin hiriz eginiko zibilizazioa eraiki dezakegu. Gure irudimenak ez dio soilik etorkizunari begiratzen, iragana ere ikusten du eta hura gertakizunez betetzen du, legenda bat bezain eder bilakatzen du. Margolariak, agian, koloreak eta batailak nahastu ditu, hautsa eta ura, eta haren eskuak, agian, egiazko historia sortuko du.

Lur idortuan etsaiak ikusten dira, mendiak zeharkatzen dituen zaldi zerrenda. Artistak bertsolariari utzi dio lekua handik etorritakoak nondik joan ziren konta diezagun, gelditu zirenek zer egin zuten, zendutakoak nola gogoratzen dituen esan diezagun. Orduan poetak begiak mendialdera jaso eta buruz esanen du galera baten kanta, izan dugun egun triste baten kanta esanen du buruz.

KORRIKA

Hizkuntza baten aldeko lasterketa festa da, une alaia. Buruan doanak bandera bat darama, baina bake sinboloa da. Lasterketaren haseran doanak zuzia darama piztuta; lehiaketariek agurra egiteko erabiltzen duten sua da. Jendearen artean ohorezko bidea irekitzen du suarekin, legoatako ahalegina iragarriz sartzen da paisaia bere argitasunarekin beteaz.

Herri honetan bada gizon eta emakume erreleboa hizkuntza oinez salbatzeko prest, bada irabazle dortsala eta bihotza indartsu daraman giza talde prestua. Mendian gora, ibarretan barrena, iturrietatik sortuz datoz. Ikusi izan dituzte, bai, gauez, baita ibaiak inguratuz ere, baita ezinean dabiltzanen zama jasoaz ere. Egunez kolore puntuak baino ez dute ematen, gauez suaren inguruan bildu eta segitzen dute.

Haien hizkuntza gure arbasoena da, elkar ulertzeko mezua. Harekin eskatuko dugu behar duguna eta soberan duguna eskainiko, silaba ezberdinetako abestia emanen du. Agurtuko gaituztenean aspaldikoa irudituko zaigu, egun askotako ibilbidea antzemanen zaie, baina ibileran eta keinuetan bertan ditugula jakinen dugu.

Korrika odol erreka oparoa da, bere ibilbidea egiten duen uhar garbia, ondoko bide guztiak argiz beteta uzten dituen indarra. Totemaren begiradapean, mezulariek prestatutako arrailetatik sartu eta hitzari egiten diote leku. Haitzak erraldoi begiak ditu gu babesteko, lehertzear dagoen mendia da. Soilik artistak igo dezakeen lekutik, lasterka datozen gizon eta emakumeak lerro xumea baino ez dira, gerrarik gabeko gudariak.

Haitzartetik igaro eta zelaira irteterakoan, guk ohore guardia osatuko dugu eta ongietorria eginen diegu. Agian ibaiaz bestalde elkartuko gara haiekin, edo Argaren gaineko zubian edo ertzetako harri gainetan. Ordurako giza kateak lurraldea hartua izanen du eta haren hizkuntza elkarrizketarako opari izanen da.


KORRIKALARI

Mezulari greziar batek sortu zuen maratoia eta ibilbide horrek ekarri zuen gero olinpiadetako lasterketa mota hori. Mende batzuk geroago lurrean egindako zuloetan ehunka kilometrotako trintxeretan barrena bidaltzen zituzten gerlariek aginduak. Bataila zelaietan sortu zen orduan lurpeko bizibide berria, azaletik bi metrora; eskuan antortxa egiten zituzten mezulariek ehunka legoa lasterka. Esaten dute galeria haietako mutur batean gerra bukatu eta egun askotara jakiten zutela notizia beste lekuetan.

Hasieran herri bakoitzeko korrikalaria ibilbide osoa egiteko entrenatzen zen, lapurrak saihesteko eta jasotako agiria mugaraino eramateko.

Biderako adorea behar zen, denbora baino gehiago baloratzen zen, izan baitziren otsoek hildako mezulariak ere. Baina urteak igaro ahala mezua eramatea ez zen aski, azkar eraman behar zen. Saria eskaintzen zen ibilbidea azkarren egiten zuen korrikalariarentzat, eginbeharra bakardade ordu batzuetara mugatzen zuenarentzat.

Oraingo korrikalariaren ahalegina ibili eta galtzen denaren oinazea baino askozaz ere latzagoa da, torturatutako presoaren oinazearekin alderatu duenik ere bada. Ahoan zauri leizea du, birikek ez diote airerik hartzen, begiak ez zaizkio inon pausatzen. Fondoko kirolari batzuk azken muturra jo eta trapututa erortzen dira. Beste batzuk abiapuntura itzultzeko ametsa egin eta ezin dute jasan halako amets krudelik.

Baliteke itzulera bestelakoa izatea, etxera presarik gabe bueltatu ahal izatea, lana egin ondoren pozik etxeratzea. Baliteke armistizioa eman ondoren, edo bakea sinatu ondoren, baliteke, ezagutzen dugun bidetik presaka ibili behar ez izatea. Itzulera hori kondena bete ondoren espetxea uztea bezalakoxea izanen da; edo abolizioaren ondoren esklaboaren lehendabiziko bidaia bezalakoxea.

SEGALARI

Dagoeneko ez du inork sinesten lurralde birjinetan, nekazaria jada ez da gizaki inozentea. Dagoeneko oso atzean gelditu zaizkio mendia gaiztakeria ororen babesle zeneko garai haiek, erasotzaile ororen kaltetik gordetzen zueneko garai haiek. Joan dira urteak eta ideiek haitzartea igaro dute, norberaren moralak baino ez die eusten. Errezeloz egiten zen hura eguneroko bilakatu da; zaharrenek ere ahaztua dute antzinako bizilegea.

Belarra betiko tresnarekin mozten da oraindik, mozteko eta lehiatzeko segarekin, lurrari behar ez duen guztia kentzen dion xafla zorrotzarekin. Sega hartzeko modua antzinakoa da, bi eskuekin heldu ebakia bizkor egiteko.

Zangoak malgutuz gorputza makurtu justu indarra aurrerantz botatzeko, bete-beteko ebakia egiteko. Orduan lurrak zurtoinak utziko ditu eta hurrengo uzta emateko eremu oparoa bilakatuko da.

Pentsua animali hondakinekin nahasi zenez geroztik agertu dira behiak otso buruekin, landare haragijaleak ume jostariak harrapatuz eta makila-sugeak diruditen emakumeak. Kanposantuan ez da kabitzen jada hainbeste heriotza arrotzik; altzifrezko lorategirik ez gehiago. Erreinu berrirako etsia hartu du dagoeneko nekazariak, jada badaki ez dela eskrituretako paradisua. Ahoan maskara duela egiten du lan, aire soberakinik ez hartzeko plastikozko bahea ahoan duela egiten du lan.

Eta okerrena ez da ingurumenaren kutsadura, ezta azienda hondatzen ari diren izurriteak ere, ezta hilotz ugariak ere. Okerrena milaka hektarea segatzeko adina izerdi izan eta metro bat bera ere ez edukitzea da, latzagoa da etsaiari lagundu izana eta hainbeste miseria ezin eramana.

MAIORAZKOA

Baztanen aitak denbora behar du oinordetzari azken ukituak emateko, betiro ariko litzake semearekin solasean. Zigako elizaren inguruko mendietan urtero, udaberrian, gertatzen dira eszena berdinak, behin eta berriro, inork aldatu nahi ez dituen eszenak. Foru legea da etxea eta lurra seme zaharrari ematea, oso osorik jasotzen duen odol iturria, aldaketarik gabeko ideia bezala. Tradizioak hortxe dirau, mendi artean, aldagaitz; eta testamentua sinatzen duenak, aldiz, urteak behar ditu heriotza onartzeko.

Ondorengotza bakoitzean zorioneko bat geldituko da, batzuk joan egin beharko dute eta emakumeak, bizitza urraturik, gertatzen ari dena ikustea baino ez du izanen. Plantxatzeko moduan antzematen zaio ez duela aditu nahi, ez duela jakin nahi, ez duela betikoa entzun nahi. Burua arropaldera makurtuz ur epel horrekin bat egin nahi luke, ganduan nahasi eta ihes egin.

Gizonezkoak zuhaitzak botatzen, lurra lantzen edo segak pikatzen ari diren bitartean, emakumezkoak gizonen tresneriaz arduratzen diren bitartean konspiratzen ari dira. Eta zeremonietan, traspasoetan, arropaldera makurtutako emakume bakoitzak itzulerarik gabeko ihesarekin egiten du amets. Buru gainean argia ageri da, beren gogoetan lagundu nahi dien jaki ttipi bat, tradiziotik eskapan lagundu nahian.
Maiorazkoa denborak ezarri zuen, idazteko premiarik gabe arau bilakatu zen. Harengatik jaiotzen den lehendabiziko semea errege bihurtzen da eta morroi bat jaiotzen da senide bakoitzeko. Hitzik gabeko erritoan uzten dira ondasunak, senitarteko keinu elkarrizketan. Semeak lanari jarraituko dio, aitaren aurrean segari eutsiko; eta momentua iristen denean keinu bat nahikoa izanen da oinordetzarako garaia dela jakiteko. Baina baliteke egunen batean horrela ez gertatzea; baliteke, ustekabean, emakumeak izaki basati lez portatzea

HARRI BELTZA

Garaiak aldatu egin dira eta itsasarteko urperatzetik onik atera zirenek urteak dituzte gurekin. Gizaki ezberdinak adiskidetu egin dira, nekazari eta abeltzainek leku berean bizitzen hasi zirenean interes berdinak eta gogo beretsuak deskubritu zituzten. Kanpotarrak beste hizkuntza bat ikasi zuen eta bertakoak idiak esku-ferekaz akuilatzen ikasi zuen. Gurdi-animaliak hitz leunak nahikoak zituela, ez zuela artzain zaharren egurrik jaso behar.

Buruan kolore ezberdinak janzten badituzte ere, Kexeta eta Manu familiakoak dira lehena seme-alabarik izan gabe hil eta bere estirpeak bigarrenean oinarritu beharko zuela ulertu zuenez geroztik. Animaliak errespetatu eta harri beltza mugitzeko eran ikusi zuen Kexetak ahaidetza lagunarengan eta orduan ohartu zen ez zuela oinordeko hoberik aurkituko. Horregatik dira hain antzekoak erreliebeak, basamortuko feza eta tumuluaren azala. Baserritarrak lurrarekin bat egin eta hauts bera bihurtu zenean antzinako hezur asko agertu ziren eta Manuren arbasoak ziren.

Purutasunaren sinboloak erortzen ari diren garaiotan, gure arbasoen haritzak nostalgia utzi eta gauza arrunten zoriontasun bizia hartu du. Mundu mestizo batean loratuko da berriz eta udaberrian etsaien kontrako armadura atera beharrean hosto berriak jaioko zaizkio, hostotza distiratsua jantziko du. Eta haren gerizaren bila dabiltzanek jakinen dute argirantz zuzendutako landarea ezin dela desberdintasunaren babesleku izan, umeak bezala elkartzeko etxola magikoa izanen dela.

Manuk harri beltza inork baino arinago mugitzen duen aldiro Kaxetarekin oroituko da, hitzen esanahia erakutsi zion lagunarekin. Idien lorpen oro dedikatuko dio eta garaipen guztietan haren hilobian minutu bateko ixiltasunean otoitz eginen du. Herri hau ez da orain ehun urte bezalakoa, ezta gizakiak abereak urki adarrez akuilatzen zituzten garaietakoa ere, baina eternitatea igarotzeko leku ederra izanen da.

ARANZADI

Hiriak eraikitzerakoan aurkitu izan dira ondare arkeologikoak zabor artean, gurea baino zibilizazio zaharragoaren aztarnak. Badakigu orain plaza bat dagoen tokian antzina hilerria zegoela, edo bainuetxeak edo antzezlekua. Nornahik daki arrastorik nimiñoena ezabatuta ere arbasoen ispirituak eraikin berrian segituko duela eta oparotasuna galaraziko duen betiereko malefizioa izanen dela.

Zabor artetik liburua eta arezko erlojua hartuta hegan ateratzen den aingerua da historia, memoria galtzen dugun aldiro egunak kontatzen dituen aingerua. Batzuetan ikasten dugu harri multzo batek orain milioi urteko balioa duela, oroimenak irauten duen bitartean errespetatzen dugu. Orduan gure handinahiaz jabetu eta beldurtu egiten gara, eta berriro ahaztuko dugula jakinda, geure buruetatik babesteko hesia eta zenturoia jartzen ditugu erlikiaren inguruan.

Marmolezko kuboak jasotzen diharduenak uste du obretan dagoen plaza dela harriaren zama jendeari erakusteko lekurik hoberena. Eraitsitako eraikina, botatako basoa edo suntsitutako mendia bezain eramangaitza da granitozko harria. Harria gainean duela irabazten duen zentimetro bakoitza jendea hunkitzeko egiten du, destino berekoak garela sentitzea nahi du. Kargarekin ikustearen oinazeak zamarenganako errukia piztea espero du, mineral guzti horienganako maitasuna.

Eta lehiaketariaren jarrerak erakusten du bere protesta entzun arte pisua igotzen segitzeko asmoa, kioskoaren ondoan, zuhaitzekin, apaindutako etxeen aurrean. Bere hitz traketsekin ez ote duen adieraziko eta lanari ekin dio. Plaza ilundu ondoren, hiria gizakiarentzat baso bilakatzen denean ere berak hor segituko du, iragana gogoan, hildakoen aldeko isilune eske.

TXAPELDUN

Tradizioak gizakia sentimendurik gabeko lehiaketari bihur dezake. Zama hutsalak batetik bestera garraiatzeko ohiturak gizaki boteretsuaren ustea ematen dio, zentzurik gabeko pisuak mugitzen ditu. Balentriaren ondoko pozak modalak galtzera eraman dezake, lanaren atzetik dagoela jolasa ahaztera, lehiaketa bihurtu denaren jatorria ahaztera eraman dezake.

Prest aditu eta lehiaketariak antzina esne-ontzi zirenak altxatu ditu, heldulekuak eskua zulatu dio. Aurpegia ezkutuan dauka, molde mazizoak eramatearen lotsa ezkutatu nahian.

Batzuetan, arbasoen diziplina entrenatzen ari delarik, zentzugabekeriren batean murgildu dela sumatzen du, deboziorik gabeko festa batean. Txingaren barrenean bederen ura, oinarrizko elikagairen bat edo premiazko likidoren bat eraman nahi luke. Badaki mugitzen duena kiloak besterik ez direla, baina berak bide nekezetan eraman beharreko altxorren bat edo ume zoragarri batentzako zilarra eraman nahi luke.

Lehiaketen arteko atsedenaldietan lehiaketari gihartsua horri guztiari zentzua aurkitu nahian dabil: jolasak hasiera izan bazuen amaiera ere behar du izan. Festa izan dena errutina bihur daiteke, lanaren sostengu bilakatu. Berak ikusi baititu azal iluneko emakume hainbat gizonezkoen zamak eskutan harturik, isilean. Iruditzen zaio emakume horiek irri eginen luketela bere lan zentzugabeari so, beren lanaren oinazearengatik ez balitz, barre eginen luketela iruditzen zaio.

Paisaia erabat idortu da, bizitza orain etengabeko ahalegina da, azalkeriak ez dauka lekurik. Hegoaldetik etorri dira batzuk, toki txikitan elkartzen den jendea eta betirako gure artean geldituko dena. Txinga jasotzaileak bizimodu berria ikasi du eta, bere publikoari azkenekoz begiratuz, zentzurik gabeko zeremoniei bizkar eman die.

HAU JAUNGOIKOA DA

Jaungoikoa hargina izan zen hilezkor bihurtu baino lehen. Bizkarra makurtuz eta besteok ezin dugun bezala gorputza bihurrituz ikasi zuen harria jasotzen. Guk luma bezala, hark lortu zuen horrela lurraren zama bizkar gainera igotzea. Jaungoikoak gure miseriekin kubo pisua egin eta leporaino altxatu zuen, indartsua gizaki izatea utzi eta betirako Pizti bilakatzen den mugaraino altxatu zuen.

Gaur gizakia besteentzat ahalegintzen da, jadanik ez da bere indarra hobetzeko ahalegintzen. Naturak materiala eskaintzen dio oraindik, baina hark besteentzako jauregiak eraikitzea erabaki du, bisitatuko ez dituen baselizak altxatzeko eta bereganatu ezin dituen dorreak egiteko. Pilatzen du harria bere aurrekoek Egiptoko marmola bezala, piramide berrien esklabo. Eta tenplua bukatuta, jauntxoarentzako hilobia prestatuta, bere morroi-errautsak aire zabalean geldituko dira.

Jaungoikoarengandik ikastea baino ez zaigu geratzen eta gutariko hoberenak mineralaren maisu bilakatzen dira, haren irudi eta antzera bihurtzen dira. Mendiarteko herri askotan mutil asko bizi dira mendiaren barrenean sartuz eta harri irudiko altxorrak atereaz. Denbora harria lantzen eta leuntzen ematen dute, eskulturak egiten, eta eskultura horiek ez dira ilunak izanen, ez dira apaingarri soilak izanen; eguneroko bizitza irudikatuko dute, aitak egunero lokartu arte besoetan hartzen duen umearen irudia gogoraraziko digute.

Harritzarra mendean hartzea garenaren zama onartzea bezalako lana da. Gizaki zintzoen komunitatean, norberak harginari bere oinazearen, nahigabearen, miseriaren zatia emanen dio. Orduan hark jakinen du dagoenarekin fardela egiten, ondar haiekin bola erraldoia osatzen; airea hartu eta trofeo gisa altxatuko du handitasuna.

HUSTIRAKUNTZA ARANA

Arana jaunaren lantegian atsedenaldiak dira unerik hoberenak langileek soberan duten indarra erakusteko. Langileak tarte horretan altzairuzko habeekin entrenatzen dira, harri askoren pisua daukatenez arrastaka mugitzen dituzte. Harririk balego bizkar gainera altxatuko lituzkete; idirik balego, xamur-xamur hitz eginez karga mugiaraziko liekete. Sirenak atsedenera deitzen du, isiltasunera, indar berritzera. Baina nagusiak ez du geldialdirik hartzen, ez da baretzen, ez da gelditzen, odola hoztu edo eskuak lokartuko zaizkion beldur.

Tailerrari bizkar emanez eserita dagoen gaztea aspaldiko nagusi hura bezalakoa da, hasierako ugazaba harekin antza izugarria du eta oraingoak hildakoan utziko duen lekua beteko duen berdina da. Bada zerbait haien keinuetan, haien jarreran berdintzen dituena, kristala baino askozaz ere tarte zabalagoa ezartzen duena. Ahotsek beharbada doinu ezberdina izanen dute, baina berdin hitz egiten dute, berritu nahian alferrik dabilen ahotsa.

Arana jauntxoak ez du bere langileen atsedena ulertzen, basakeria jolas bihurtzea. Badaki lanak nekea duela, gorputz ahituarekin gizakia mantsoa dela eta sumisioak ez duela basatikeriarik. Burdin habeen erakustaldiaren aurrean enpresariak irri egiten du kristalaren bestaldetik, egunaren bukaerarako leher egindako ume-langileria izan nahi du. Batzuetan ikuskizunarekin gozatu eginen luke, baina aspaldian ez die jaramonik egiten bere sentimenduei.

Eta sari gisa erabilitako habea gotorlekua botatzeko ere erabil daiteke. Arrastaka darabiltenek jakinen dute ere aurrealdera bultzatzen, barruraino sartuko dira eta ez ditu geldiaraziko betiko ahotsak. Ospakizuna garrasi iraultzaile bilakatuko dute, gizaki nekatuen aldarri. Orduan garai bateko hitza ez da aski izanen, ezta etorkizunerako promes hutsal hura ere. Orain altzairua eskuarteko arma bihurtuko da eta langileak maisuari mendekua hartuko dioten ikasleak izanen dira.

HERENSUGE

Marteraino iristen diren sateliteen garaiotan jakin behar dugu izan zela izen hori zuen jainkoa, burdina eta suaren jainko bat. Bere betebeharra gizaki ausarten lanbide bilakatu zen: su-garretara hurbildu eta begirik kendu gabe begiratu behar zen. Hori lortzen zuenari antzinako krimenak barkatzen zitzaizkion eta metalezko errautsarekin berpizteko aukera ematen zitzaion.

Naturatik atera zituen arotzak forma guztiak. Gaztainondoaren hostoa imitatuz egin zuen zerra, ihi ertza zorrotzen antzera ezpatak egin zituen. Lorearen hauskortasuna irudikatzen zuten arma hilgarriak egin zituen, hori zen bere sekretua.

Altzairuzko pieza horien bihotzean, arotzak gorroto-eskukada batengatik eskukada bat maitasun bota zuela diote, suak dena nahasi zuela eta inork ezin dituela bereizi. Martinen labanak erabiltzen ditugunean badakigu alde bat ebakitzeko edo zulatzeko dela, baina bestea hilgarria izan daitekeela.

Antzinako lanbideen lekuan segitzen du oraindik botereen arteko borrokak, ezkutukoarekin topo egin daiteke oraindik. Deabrua berriro sugez janzten da eta kiskali egiten da, ipuinetan bezala. Baina borroka galdu aurretik babesik gabeko emakumeari eraso egina da eta bere lau buruak betirako galduko dira txingarretan. Akabatuta badirudi ere, narrastiaren erraietatik artalde osoak, bizi zenean irentsitako ardi guztiak aterako dira.

Esaten dute Arrasateko arotz bat etorri zela eta piztiari armarik gabe egin ziola aurre; sutegiraino eramatea lortu omen zuen eta erretzen ikusi zuen. Su galdatan burdina bihurritzea lortu zuen eta forma eman zion, besteek hasitakoa bukatu zuen. Handik atera ziren laba hondarrak hartzeko matxardak, enperadore bat hiltzeko moduko sastakaiak eta milaka urte iraunen duten sableak.

IVAN GOGORATUA

Ingudea hiru punta zorrotzeko tresna izan zen, zola leun baten gainean jarri ondoren kolpatzen zen burdin eutsiezina. Geroago objektu aktibo bilakatu nahi izan zuen, kolpeak itzuliko zituen arma. Heldu ahal izateko bi muturrak borobiltzea onartu zuen eta punta zorrotz bakarra edukitzea zuloak egin ahal izateko. Gizakiari eskuekin hartu eta goratzea utzi zion, behin goian egonda berak oratuko zuen metala.

Gizakiak festarako prestatzen denean lana jolas bihurtzen du, eta forma emateko erabiltzen zena borrokarako tresna bilakatzen du.

Horrela bihurtu zen ingudea gizakiaren boterearen erakusle. Justizia agertzailea ere bada eginkizun aldaketa hori, eman eta jasotzeko Bibliako parabola, beti biktima izatetik urkatzailea izatera pasatzen denaren ironia.

Oinarri bera du inauteriak, iruzurraren amaiera da, eguneroko mozorroak erantzi eta koloretako gure benetako arropez janzten gara. Orduantxe bilakatzen gara izan nahiko genukeen emakume, izan ez gintezkeen apaiz edo noizbait izandako basapizti. Nahi bezala mugitzea edota festarako jantziekin kaleetan ibiltzea gutxi irauten duen ospakizuna da, baina betirako luzatuko genukeena. Soinean daramagun arropari zahar usaina dario, baina hil-jantzi gisa erabil genezake.

Ezkurra ibaiaren gaineko zubiak mugatzen du gizakiak egun batzuetarako bederen itxurak egiteari uzten dion eremua. Izaera berreskuratzeko batzuetan behar da zapi arrotzez jantzi, inork ez ezagutzeko eran; larru ezberdinekin estali, ehiztariz edo sorginaz edo dorre bateko zaindariz mozorrotu. Zaila da inauteri jantzi egokia hautatzea, gizakiaren anbiguotasuna jasotzeko mozorro ugari behar dira eta.

GOIZEDER

Biluzik laiaren gainean, Mari hurbil dauden denborei begira dago, itxaropenik gabeko paisaiari so. Emakume erremintaren gainean, ikusten ari dena ikusitakoa baina askotaz ere okerragoa da, bizitzaren amaieraren seinaleak dira. Golde herdoildua eta zuhaitzik gabeko mendixka aski dira gertatzen ari denaz ohartzeko. Beste ametsen bat gura luke, baina badaki irudikatzen ari zaiona gertatuko dena dela. Aurpegian harridura eta kezka ageri zaizkio, lehen ere izan du amets hau.

Ibai bete, lur oparo eta landa basatiko iraganaren gizaki bizi bakarra da Mari. Etxea eta gizonak galdu zituen, orain soilik laia eta hil arte lagunduko dion abere bat dauzka. Laia bere umeak lurperatzeko hilobi zerrenda egiteko erabili du, hildakoz beteriko lorategia berdintzeko. Zergatik egin duen negar ahaztu arte eginen du negar, ondoren Lurra estreinatu zuenaren ilusioarekin hasi nahiko du berri-berritik.

Marik uste du milurteko honetan iraganean eduki genuenaren memoria lagungarri izanen dela, gure alde eginen duela izan zenaren oroitzapenak. Bi Ahizpetako tartean Arakil ibaia gogoratzeak, harri tartea zulatzeko eta sakonean putzuak aurkitzeko adina indar emanen digula. Berak uste du lur idortutik lakua sortu daitekeela, basamortua goldatuz gero landareak jaioko direla. Eta oraindik alfer lurra denari so, hondamendiaren ondoko lehen zibilizazioa emakumezkoena izatea du amets.

LAIARIAK

Batzuetan emakumezkoen menpekotasuna gizonezkoen iruzurretik jaiotzen da; emakumeen lanabesa lehiatzeko erabiltzen dutenean mespretxu egiten diete gizonezkoek emakumezkoei. Lehen laia lurra lantzeko zen eta orain Gareseko jaietan haren gainean jarri eta txapelketa egiten da. Bada zirkuitua eta baita saria lasterketari elbarri azkarrenarentzat ere. Baina gizonek lanabesaz eta emakumeez trufatzen diren bitartean andereak isilean elkartzen dira, gorputzak biluztu elkarren ispilu lez eta maitatzeko era berria deskubritzen dute.

Egia da jolasa eguneroko lanetik sortu zela, nekea ospakizun bihurtzen zela. Laiak ere lurrean egindako sakona izaten segitu beharko zuen agian, ilara berdinak eginez indarra neurtzeko tresna.

Laiak kiderrean emakume usaina eduki beharko zukeen eta lehiarako puñal bihurtu, bere forma hobetu ezpata izateko anderea jokoan hiltzeko. Baina etorri zen gizona eta hasi zen laia dibertitzeko erabiltzen.

Erreniegako zeruertzean beti dago izar zerrenda bat, haize errotez egindako izar ilara. Hegalek ipar haizea nahasten dute, ibarrera bidaltzen dute eta zubira iristerakoan haize leun egiten da, harriak ferekatu eta hostoak laztantzen dituen haize gozoa. Eta laia gaineko gizonentzat haize freskoa da, lehia egunean lagun baten animo-oihu lagungarria.

Barrualdera begira dagoen soldadua hango ohiturak ezagutzera etorri da. Uste zuen armak beharko zituela, baita kamuflaje jantzia ere, baina orain badaki aski duela lepoko zapiarekin. Ikusi ditu kaleetako lasterketak, mutilen irriak, bazter guztiak betetzen dituen jendetza. Baina ederrena hango emakumeak etxe barruan espiatzea izan da, festa utzi eta bakarrik egoteko era berriak nola deskubritzen dituzten ikustea izan da zoragarriena. Etxera itzultzen denean kontatuko du ezagutu duela herri bat non gizonezkoek umeak bezala elkarrekin lehiatzen ari diren bitartean, emakumeek elkar laztanduz mendeku hartzen duten.

MUNDUEN GUDA

Mendi-bizkar gaineko platilo hegalari horrek Ed Wooden espaziuntziak ekartzen dizkigu gogora, haren pelikuletako plastikozko maketak. Egunez trikuharria da, haizeari eusten dion hilobi arrastoa; gauez, ordea, platilo hegalari bihurtzen da. Iluntasunaren babesean haitzari begiak ateratzen zaizkio, leihoak kanpoaldera, gizakia lotara joan denean hildakoak bizia hartzen du.

Eta gauez eta ezkutuan etortzen bada pentsa liteke herria arriskuan dagoela, txakurra zaunkaka hasiko dela, baina trikuharri honek mendeak ditu gure artean, milaka urte mendi-bizkarrean erroturik. Kondairak dio aspaldiko biztanle haiek baselizako harriak hartu eta igo zituztela mendi tontorrera, santuaren irudiaren egurra egiteko erabili zituzten zuhaitzen urteak dituela trikuharriak. Barreneko eremu honetan, itsasotik urrutiko lur hauetan, bidaiariarentzako argia da idi-begietako ontzia, edozeinek aurkituko du herria maldan behera harren laguntzarekin. Trikuharria egunez hilobia da eta gauez gure sustraietara eramaten gaituen argitasuna. Faroa guretzat artaldearentzat artzaina bezalakoa da, etxetik hurbil gaudenaren seinale.

Mariren mendi magikoan soilik margotzean uler daitezkeen gauzak gertatzen dira, bestela ezin da. Tumuluak azkeneko izpiekin argitzen dira eta babesleku habitatuak bilakatzen dira. Esaten dute haren barrenetik diren izaki ttiki-ttikiak ateratzen direla, sagar hazi bila, eguna argitu arte gelditu gabe lurra arakatzen dutela. Beren galaxiako lekurik zokoenean zuhaitzak landatuz omen daramate eternitate osoa, eta halaxe segituko omen dute gauero.
Herriak aingeru itxurako jainkoa behar du, kaleetan barrena erabiltzeko eta euri eske mendi gainera igotzeko. Orduan azaltzen zaigu San Migelen irudia eta lurretik kanpoko bere jatorria gogorarazten dizkigun abituak janzten ditu. Eta horrela laguntzen digu eskafandrak trikuharriaren historia ulertzen, izaki ñimiñoek babestutako haranaren patua ezagutzen. Orain badakigu ez dela arrotza tontorrean pausatutako platiloa, ez dela harritzekoa zakurrak zaunkarik ez egitea, ezta ardiak bere horretan gelditzea ere. Gizakiak lo hartzen duenean, iluntasunean munduen guda gertatzen da. Errainu guztien borroka egiten dute beren lekuari eusteko, baina berena odolik gabeko guda da


ISASOA/ITXASO/PATERA
Itsasarteak itxi ezin duen uretan itsasontzia lehian aritzeko tresna izan daiteke, baina baita itsasertzeraino iristeko bide bakarra ere. Olatuak beti dira berdinak, beti dago zeruertzean harrapatu nahi den lur puska, baina batetik bestera izugarrizko aldea dago. Soilik aurpegiei erreparatuz gero, batzuetan badirudi oinaze bera dutela denek, arraunlarien ahaleginak nahasten gaitu. Baina badakigu batzuek lehiaketa galtzen duten une berean, besteek bizitza gal dezaketela.

Santa Klara uhartea da arraunlarien helmuga, nork bere taldeko koloreen alde egiten du izerdi eta ahalegin.

Bidaiaren amaieran ez dio axolarik egurra hausten bada, edo arraunetako haritza erabat usteltzen bada, bidaiariaren besoak prest daude berriro atzera egiteko. Jai egun batean jendearen txalo artean itsasoa zeharkatzeak ez du hainbesteko meriturik, nekea berdina bada ere. Olatuen artean entzuten da arraunen soinua, lehiaketarien arnasarena eta lemazainaren oihuak. Lehiaketariak jokoan murgilduta daudenean garaipena itxaropen xumea da.

Hegoaldeko olatu basatietan Haitza inoiz ikusiko ez den itsaslabarra da, gorputzak uzteko hondartza bat. Baina bidaia tragedia bilakatu aurretik, hor ere izan da gizon eta emakume talde ausarta arraunean, tenporala gobernatu nahian ibili den ahalegina, distantzia gainditzeko desio kolektiboa.

Oraingoan ez da inor haien zain helmugan, eta baldin bada abialekura itzularazteko egonen dira haien zain helmugan; ez dute zorionik edo saririk izanen helmugan. Lehiaketa gizonezkoen sufrimendua da, eta hejira denon zoritxarra da, oinazea konpartitzen delako heriotza konpartitu aurretik.

Orio eta Hondarribiako galeoteak odol arrastoak utziko dituzte beharbada arraunetan edo traineruaren zolan ur gaziarekin nahaste; larruazala eroriko zaie agian eta eskuak haragi bizitan helduko diote arraunari, baina ezbeharrari ausardiaz aurre egiten ikasi dute, badakitelako itsaso berean kaira inoiz iritsiko ez diren itsasontziak badirela.

Patera

NUNCA MÁIS

Dagoeneko badakigu jokoa aurrena lana izan zela eta sakrifizio bilaka daitekeela. Gizakia animaliak tiraka hasi zen, lokatzetan trabatutako gurditik tiraka, igo ahal izateko soka batetik tiraka. Kalamuari eutsiz erre zitzaizkion eskuak eta odol ildoak egin zitzaizkion larruazalean. Sokarekiko harremana beharrezko zorigaitza da, besterik ezean bere burua salbatzeko azkeneko euskarria. Ahalegin horretan giharrak berritzen zaizkio, hil arte tiraka ari liteke.

Arrantzaleen itsasoan ura belztu egin da, lokatz beltza bezain beltz bihurtu da. Espartzua erabiltzen ikasi zuen gizonak ez zuen uste izango ozeanoa garbitzeko erabili beharko zukeenik, olio beltzez betetako pertzak ateratzeko erabili beharko zukeenik.

Beti iruditu zitzaion noizbait negar egitekotan, hiltzen ari zen animalia ezin libratuak edo ekaitzaren erdian itotzen ari zen lagunari ezin lagunduak eraginda eginen zuela. Uste zuen hondartzan soilik maskor hustuak, arrezifeetako algak eta itzultzen ez dakiten karramarroak gelditzen zirela.

Karelean makurturik amorrua jaiotzen zaio barrenean, miseria arrantzalea da. Eskumuturrak itxita, bi ukabil elkar hartuta, amorru eskukada kanpoalderantz. Eta bere larruaren odol guztiak soka osoa estaltzen du, biziaren erreakzioa da. Marea beltzak iparraldea hartu ote duen jakin nahi du nunca mais, eta itsaslabar berdeetaraino iritsi ote den marea beltza nunca mais eta Irlandako bakailao eremuak harrapatu ote dituen marea beltzak. Badaki ozeanoa berbera dela leku guztietan, inork gelditu ezin duen indarra dela.

Itsaso beltza gureganaino iritsi baino lehenago, gizakiak sokarekin tiratzen zituen pisuak, ez zion zamari beldurrik sokatik tiratzerakoan. Bazekien sokaren bestaldean putzutik ateratako ura, animalia basatiren bat edo sua pizteko egurra aurkituko zuela. Festan lana jolas bihurtzen zen, antzinako borroka bat. Lerro batez berezitako bi talde eta defendatu beharreko eremua. Orduan ere espartzuak odoletan uzten zituen behatzak, baina oinazerik gabeko zauriak ziren.

TRONTZALARI

Bere zerrak bolbora-hortzak balitu granitozko zutabeak botatzeko! Harria soilik moztuko lukeen armarekin, odolari kalterik eginen ez liokeen armarekin, berak marmolezko tenpluak gizakiaren tamainara egokituko lituzke. Uste du orduan jauregiak ez liratekeela gehiago etsaiaren bizileku izanen eta basoko borda bilakatuko liratekeela. Uste du orduan entzungo liratekeela herriaren hizkuntzan esandako hitzak.

Harria mozten hasi aurretik alanbrezko hesiak hautsi zituen, betiko muga asko bota zituen. Orain herrialdeko lur guztiak espazio berde bakarra bihurtu dira, propietatea eskubide komun bilakatzen duen eremu zabala. Alanbrea hautsitakoan barrukoak ateratzen, kanpokoak sartzen eta mendi gainean denak elkartzen ikusi zituen. Batailari begira, poztu egin zen bere erreminta zorrotzak metala egurra bezain erraz moztu zuelakoz.

Askatasuna bere maitaleen uniformeak jada bereizten ez dituen emakumea bezalakoa da. Nobedadeak zoratuta, soldaduari herriko gizasemeari bezalako irribarrea eskainiko dio, gozotasun bera. Datorrenari musu emango dio, harri eman ziolako, bientzako izango du bihotza prest. Trontzalariak nekez ulertzen du, marka eta mugarik gabeko eremuan, gure atetik kanpokoa sar daitekeenik, haize arrotza onartzea kosta egiten zaio. Andereak esanen dio haren zerra zorrotzari esker erori direla harresiak eta maitasunak ez dituela jada onartuko.

Ezkaba mendiaren magalean bizitza dagoeneko aldatu da, zentzuzko bizitza da. Paisaia oraindik kea darion zabortegia da, zokoratutako orubea, bukatu gabeko etxe-zelaia. Baina dagoeneko ez da konpondu gabeko gatazkarik eta hainbeste urtetako triskantzatik onik ateratakoak gizaki zoriontsu dira.

TREGOA !

Aizkorak izei asko bota du, pinu zerra osoak. Mendi asko dago puntu zuriz josita, botatako haritzen zauri sendaezinak agerian. Egurra ibaian behera doa almadiazainen laguntzarekin; enbor batzuk bidean hartu eta pasta egiten da, idazteko pergaminoa egiten da.

- Geldi hadi, egurgile!

Ibaiertzeko makalak goragoan izan zenaren oroitzapen bilakatu dira, uraren bidearen seinale. Esaten dute lehen basoa mendi gailurreraino iristen zela, eta bide guztietan itzala ematen zuela. Orain egunak mendian ibilita ere ezin da artaldearentzat aterperik aurkitu.

Udazkenean erortzen dira hostoak eta adarrak biluztuta gelditu, baina makalak noiznahi ari dira hiltzen.

- Geldi hadi, egurgile!

Bidegurutze honetan urak ere elkartzen dira, elkartuz gero ibai ederra sorraraziko duten errekastoak. Ertzean esertzen denak ikus ditzake lokaztutako elur hondarrak, baita sustraietara lotutako animaliak ere, edo urperatu gabeko harri koxkorrak ere. Baina zubipetik doa goialdeko bizitza, isilpean itotzen doan bizitza. Eta alubioi basati honetatik soilik paper bilakatuko dena salbatuko da.

- Geldi hadi, egurgile!

Elizako oholean enbor gehiago jaitsiko ez den egunerako meza dago iragarria, azkeneko baltsa-gidaria etortzen den egunerako. Hau txapela astinduz sartuko da, itxaropenezko keinua eginez. Botatako gaztainondo guztien alde eginen da otoitz, ezabatutako muga guztien alde, zelai bihurtutako zumardi guztien alde. Orduan aizkora daraman gizonak begi tristeak kanpandorrera igoko ditu eta bizirik dirauten zuhaitzei barkamena eskatuko die eta hildako zuhaitzei ere barkamena eskatuko die.

- Hoa bakean, egurgile!